EuskarazEnglish

Egutegia:

Taldeko ekintzak:

otsaila

04

Osteguna

Data: 2010/02/04  |  Time: 18:00h

Herria: Galdakao

Tokia: Kalerik kale

Zer: Santa Ageda

AURTEN ERE ANDRA MARI TALDEKO MUTILEN ESKUTIK SANTA AGEDA BEZPERAKO ABESTIAK ENTZUN AHAL IZANGO DIRA GALDAKAON

 

Erromatarrek jarritako eguzkiaren araberako egutegian festa honek Inauterien hasiera adierazten zuen gure herrian -eta beste herri batzuetan ere- horregatik, "Aratuste" deritzon sasoi sakratu eta magikoaren hasieran ospatzen zen. Eliza katolikoaren egutegian, aldiz, Santa Ageda bezpera eguna zen berau, hau da Otsailaren 4a, eta horregatik kulto eguna bihurtu zuten, ospakizun hori kristau egiteko asmoz.

Ohiturari jarraituz, herriko gizonezkoek abesti politak kantatzen zituzten auzo eta kaleetatik, Santuaren ohorez. Iluntzean hasten ziren kantak eta bide batez kuestazioa (jatekorik edo diru pixka) egiten zuten etxerik etxe, amaieran gorputzak berotzeko eta indarberritzeko. Gaur egun, ohitura honek bizirik dago hainbat lekuetan eta geu ere horrela mantentzen saiatzen ari gara, euskal kulturaren adierazgarri bezala.

Guk egiten dugun abestia ez da oso ezaguna; direla urte batzuk, Arratia aldera jo genuen antzinako kanta bat ikasteko asmoz eta bertan adineko pertsona batzuengandik datu ugari jaso genituen; adibidez, Zeanurin bertsoak aurkitu genituen eta Zeberion doinuak eta janskerak. Beraz, mende hasieran egiten zuten moduan bereganatu genuen eta horrela egiten dugu gaur egun.

Bizkaiko ohitura zaharreko Santa Ageda- erronda edo oles-kanta hau hurrengo lagunei zor diegulakoan, hona hemen irakasle horien aipamena: Maria Artetxe, Julian Beobide, Modesto Artetxe, Joakintxu Goti eta Juantxu Larrazabal.

Azken honek halakoak kontatu euzkuzan:

Hamabi urtegaz hasi zan Santa Ageda kantetan. Urte horrekaz egunez bakarrik abesten zuen baina hamabost urtetik aurrera, hots, gizonak legez, gauez egiten zeurien.Zeanuriko auzo guztietatik zehar ibilten ziren kantetan, hau da Lanpreabe ingurua, Altzue, Undurraga, Ipiñaburu ingurue, arrastiko hiruretatik goizaldeko bost edo seiretararte askotan. Ibilbide guztian zehar ez zeurien ez jan ezta edan ere egiten baina errekorridue amaitzen zeurienean jasotako diruarekin txorizoa, urdaia eta abar erosten zeurien afari gozo bat preparetako.

Santa Agedari buruzko martirioa abesten zen eta hamabi urtegaz bere lehenengo agerraldian bere lehengusuak, bera baino zaharragoa zena, eta Julian Etxeandiak emandako paperarekin ikasi zuen abestia. Auzorik auzo, baserriz baserri joaten ziren kantetan. Baserriko atarian egonda, makilegaz atea jo eta kanteu ala errezeu egin behar zeurien galdetzen zeurien. Etxe horretan arterazo bi urtetan hilik bazan errezue egiten zan.

Erritual hau beti Santa Ageda bizperan egiten zen eta horrekin batera arrastiko zortziak inguruan Sakristauak monagiloekin batera auzo ezberdinetako eleizen kanpaiak jotzen zituzten doinu berezi bategaz askotan goizaldeko laurak arte.

Santa Ageda egunean ez zeurien prozesinoak egiten bai ordea Kandelario eta San Blas egunien. Kandelario egunean, otsailak 2an, kandelakaz joaten ziren eleizera apaizak bedeinkatu ditzan makilekaz kanta bat abestuz eta San Blas egunien, otsailak 3, kordoiak eta sagarrak eramaten zituzten.

Abeslariak Taldeko mutilak dira, eta musika tresna batzuk lagundurik (biolina, kitarra, esku-soinua, flauta, klarinetea, ...) kalerik kale kantatzen dute, eskuetan makila daramatela, iluntzen hasten denetik gaueko 11ak arte, gutxi gorabehera.

Urte bakoitzean, gero eta errealagoa egiten dugu, ikerketa aurrera daramagun neurrian; aurreko urtetan buruko kapela berriak, lorez horniturik, egin bagenituen, iaz makila guztiak txukundu genituen, beraien inguruan bueltaka kolorezko zintak jarriaz.

Deskargatzeko dokumentua(k):

 

Hilabeteak:

2010
Al As Az Og Or Lr Ig
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28

 

Hilabete batera joateko: