Andra Mari Taldea Dantzan:
Dantzari-dantza
Usadio zaharren arabera Durangaldeko Dantzari-dantza Bizkaiko herrialde honen herriko eta auzoko jai patronaletan plazaratzen zen. Dantza sorta honeten zortzi dantzariz osatutako taldeak, bi ilaratan jarrita (lau eta lau), hainbat dantza desberdin dantzatzen ditu: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joku txikia, Banangoa, (edota Banango zaharra), Ezpata joku nagusia, Biņangoa, Launangoa, Makil jokua eta Txankarrenkua (edo Txotxongiloa). Banangoa, Biņangoa eta Launangoa -figuretako dantzak alegia- izan ezik, besteak -hots, ezpata dantzak- bi erreminta motakin dantzatzen dira: makila eta ezpata.
Dantzari-dantza plazaratzen duen durangaldeko herri bakoitzak -Garai, Durango, Iurreta, Berriz
- dantzatzeko nortasun propioa duelarik, Andra Mari Dantza Taldeak Berrizko herriko berezitasunak ikertu eta antzezten ditu.
Soka-dantza:
Herri eta auzoko jai nagusietaz gain, erromerietan edo ospakizun desberdinetan ere dantzatzen da -ezkontzetan adibidez-.
Dantza mota honek dantzari kopuru mugagabea du eta izenak dioen bezala eskua elkar emanez soka bat osatuz dantzatzen da; sokaren aurrean doanari Aurreskua deritzo, atzekaldean doanari aldiz, Atzeskua.
Jota eta porrusalda:
Garai batetan Euskal Herriko hainbat plaza eta erromerietan dantzatzen ziren bi dantza mota hauek denboraren poderioz, beraien agerraldi esparrua murriztuz joan ziren. 60-70. hamarkadetan, hainbat gertakari jasan ondoren, jota eta porrusaldaren izaera herrikoia desagertzear zegoela, Andra Mari dantza taldeak Bizkaiko maisu eta dantzariengandik jota eta porruen pausu desberdin asko ikasi eta bildu zituen; forma sinpleak, barianteak, engainuak, etab.; oro har, garai batean egiten ziren erromeri eta jota eta porruei buruzko informazio nahikoa bilduz.
Gaur egun, Galdakaon egiten diren erromeri eta jai gehienetan (Bekeako Asentziotan, Elexaldeko Andra Marietan, Galdakaoko Santa Krutzetan, etab.) bi dantza hauek plazan ikustea gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da.
Ber-plazaratze lan honetaz gain, taldeak dituen saio ugarietan gure zaharrek dantzatzen zituzten jota eta porru pausu ezberdinak modu laburtu batetan erakusten ditu.





