Andra Mari Taldea Dantzan:
Maskarada:
Maskaradak tradizionalki Zuberoako herrietako gazte ezkongabeek ospatzen dituzten ihauteri jaiak dira. Jai hauetan herriz herri dantza, kantu eta istorio desberdinak antzezten joaten diren bi talde kontrajarriak agertzen dira; lehenengo taldean -gorriak izenaz ezagutzen direnak alegia- Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina, Entsenaria, Marexalak, Kukuieroak, Jaun/anderia eta Laboraria/laborarisa pertsonaiek parte hartzen dute. Bigarren taldean, aldiz -beltzak izenaz ezagunak-, Buhamiak, Khauterak, Txorrotxak, Khereztuak eta Medikua pertsonaiek parte hartzen dute.
Maskarada bi ataletan bereizten da: goizekoa eta arratsaldekoa:
- Goizean, herriko hainbat auzo eta etxeetatik bisita egiten da, bidean aurkitzen diren barrikadak (bide erdian kokatzen diren edari eta janaz betetako mahaiak) gailenduz ;horretarako gorrien taldeak Barrikada haustia dantzatzen du beltzek hauen inguruan basakeriak egiten dituzten bitartean.
- Arratsaldean, dantzak, abestiak, antzerkia eta abar antzezten dira herriko plazan.
Zuberoako kadrilak:
Country Dances izenarekin sortutako dantza hauek, berehala zabaldu ziren Europa guztitik eta nola ez, Euskal Herrira ere hurbildu ziren.
Neska/mutilen arteko dantza hauek bai herriko plazetan, zein gaztelu, jauregi edota etxe garrantzitsuenen saloietan ere dantzatzen hasi ziren bariante eta dantzatzeko modu anitzak sortuz.




