| Transmisioa Sarritan idealizatzen den aspaldiko Euskal
Herrian, musika, kantua eta dantzak, gure herrietako bizimoduaren atal garrantzitsua
ziren, lehen mailako kultur adierazpide bat eta giza harremanak bideratzeko modu
nagusienetariko bat zirelarik. Dantzaren izaera sozialaz definitua agertzen zen ingurugiro
honetan, transmisioa edo ikasketa prozesuak ez zituen behar gaur egun ezagutzen diren
irakasbide egituratu eta antolatuak. Musika eta dantza familian, etxean, auzoan, kalean,
lagun artean eta erromerietan ahoz aho irakasten eta ikasten zen.
Egungo gizartean aldiz, transmisio
bide hau erabat aldatu da, dantzaren transmisioa beste bide eta baliabide batzuetatik joz.
Egoera honen aurrean, galtzear dauden dantza molde eta estilo tradizional desberdinak
ikertu, analizatu eta ikasi ahal izateko, dantza maisuengana joatea funtsezko edo
ezinbesteko bidea bihurtu da. Izan ere, etorkizunera begira, gure zaharrek beraien
gogoetan gordeta dituzten altxor kultural horiek bildu eta belaunaldi berriei
transmititzen saiatzen da Andra Mari Dantza Taldea. Horretarako, hainbat esparru jorratzen
dihardu talde honek aipatu transmisioa gauzatzeko:
- Taldearen beraren saioen bidez. Hau
da, bai talde nagusian, zein txikien taldean, urtez urte bildutako
dantzak eta doinuak, burutzen diren asteroko saioen transmisioarekin (beti ere bide
pedagogikoei arreta handia eskainiz).
- Galdakaoko herrian antolatu eta
burutzen diren dantza ikastaro desberdinen transmisioarekin (gero erromeri eta jai
ezberdinetan praktikatzeko asmoz, hau da, ikasitakoa modu natural batetan
kaleratzeko asmoz).
- Galdakaoko ikastetxeekin eta
udaletxearekin elkar lanean, herriko umeei tradiziozko euskal dantza, doinu eta dantza-joko
desberdinen transmisioarekin.
- Gaur egun, eta ahal den eta jende
gehienari heltzeko asmoz, burutzen ari den dantza batzuei buruzko liburu eta DVD interaktibo
baten bidezko transmisioarekin.
Guzti honekin, taldeak ez du
Euskal Herriko ohitura zaharrak biltzen eta aztertzen bakarrik; ikertu, ikasi eta ahal
duen eta jende gehienari transmititzen saiatzen da. Horretarako, gaur egun agertzen diren
baliabide eta teknologi berrietaz baliatzen delarik. Azken finean, gure dantzak, doinuak
eta musika desberdinak elkarren artean bizitzeko eta disfrutatzeko baitira. |