Otsagiko dantzak:

Nafarroako Saraitsu bailara piriniarrean kokatzen den Otsagiko herrian, Muskildako egunean eta bezperan -Irailak 7 eta 8-, hots herriko Amabirjinaren egunean eta aurreko egunean, herriko dantzari gazteek Muskildako amari dantzatzen diote.
Dantza hauek, “paloteado” izenaz ezagutzen diren dantza sorta osatzen dute, hau da: Enperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro (nahiz eta, “paloteadoko” dantzekin batera, Paseoa, Pañolo-dantza eta Jota dantzak ere antzeztu). Otsagiko dantzak, bi lerrotan kokatzen diren zortzi dantzarik gehi taldetik at dagoen Bobo-ak (bederatzi pertsonaia beraz) dantzatzen dituzte. Bobo-ak Pañolo dantza eta Jota besterik dantzatzen ez dituelarik.
Bezperako egunean, arratsaldean, dantzariek herriko frontoian eta garai bateko arropa arruntekin atonduak, hurrengo egunean dantzatuko dituzten dantzen saio bat eskaintzen diete bertara hurbiltzen direnei. Jai nagusian, aldiz, goizean Muskildako amaren ermitara joaten dira berezko jantzi erritualarekin eta dantza guztiak antzeztu ondoren herrira bueltatzen dira bide osoan zehar Paseoa dantzatuz.

Altsasuko ihauteriak:

Ihauteriak neguko egunik labur eta gogorrenetan ospatzen dira. Aro baten amaiera eta beste baten hasieraren adierazle izanik, Europako eta munduko kultura ezberdinetan naturaren loaldiaren amaiera eta berpizte baten aro berria gogora ekartzen dute.
Aldaketa denbora hau isladatzeko, ihauteri honek bizitzaren adierazle guztiak agertzen ditu -poztasuna, negarra, bizitza, heriotza, zahartzaroa, gaztaroa …- altsasuarren kosmologian eta kosmogonian dauden abere, animali, arran, mamu eta pertsonai desberdinen antza harturik; besteak beste: Momotxorroak, Ereitzea, Bataioa, Ziripotak, Zaharra -edo la vieja-, Ijitoak eta hartza eta agintearen edo ordenaren adierazlea den Aguazila pertsonaiak erabiltzen ditu.

Auritzeko dantzak:

Plazan galduta egon ziren dantza hauetaz, Aita Donostiak bildu zituen doinuetaz besterik ez genekien. Hala ere, dantza hauek zenbait auriztarren gogoetan bizirik zirauten; honi esker Andra Mari Dantza Taldeak herri nafar honen dantzak berreskuratzea lortu zuen.
Bederatzi zatitan banatzen den dantza sorta honetan (1. Pañuelo dantza, 2. Zubia, 3. Pañuelo dantza, 4. Zubia, 5. Lehenengo andre dantza, 6. Bigarren andre dantza, 7. Jotak eta arin arina, 8. Orbaizetako joko dantza eta 9. Ezkila fraile edo joko dantza) lehenengo seirak Nafarroan, gizon eta emakumeen artean dantzatzen ziren Ingurutxo motako dantzak dira; zazpigarren dantza bestalde, Euskal Herrian hain ezagunak diren jota eta arin-arin dantza motatakoa da; eta amaitzeko, azkeneko biak, joko dantzak, Europan zehar ohizkoak diren “antzerki” antzeko dantzak dira, hau da: buruzagiak, mimen edo zartailu bat eskuetan duelarik, hainbat keinu eta eragi egiten ditu beste dantzarien aurretik, hauek (dantzariak) keinu eta eragi berberak errepika dezaten; hori egin ezean honek (buruzagiak) zartailuarekin gogor astinduz zigortuko ditu.

Luzaideko jauziak:

Nahiz eta Luzaide Goi-Nafarroan kokatu, bai lurraldez eta baita kondairaz ere, herri hau Behe-Nafarroa dela esan dezakegu. Aberatsak eta anitzak dira jauziak izenaz ezagutzen diren dantzak Nafarroako eskualde honetan. Horregatik, Amaitu ezinezko dantza honen zerrenda luzean, Andra Marik jauzi sorta txiki bat besterik ez du aurkezten: -Bolant dantza, -Euskaldunak eta Sorginak, -Hegi, -Lapurtar motxak, -Makilariarena, -Dantza luze eta -Kontradantzak.
Bestalde, jauzietan hainbat dira dantzan ibiltzen diren pertsonaiak, besteak beste, Zapurrak (“zapador”-en irudia), Zigantiak, Makilaria (Europako gudarosteetako “tambor Mayor”-ren irudia), Gorriak (taldearentzat dirua edota bestelako opari biltzen zituzten maiordomoak), Banderaria eta Bolantak (zuriz eta lepoan zinta koloretsuak jantzita joaten diren dantzariak).

Lizarrako Larrain-dantza:

Larrain-dantza izenaz ezagutzen den Ingurutxo dantza hau Lizarrako merindadean dantzatzen zen. Gizon/emakumeen arteko dantza bat izanik, ingurutxoaz gain, jota, bolerak eta baltsak ere tartekatuta zihoazen. Aldiz, garai bateko moda eta debekuek, dantza honen hainbat zati eta pausu aldatu edota desagertu zituzten. Zentzu honetan, Andra Mari taldeak plazaratzen duen Lizarrako merindadeko dantza hau Aita Hilario Olazaran eta Francisco Berueteren irakaspenengan oinarrituta dago, honako dantza sorta hau erakutsiz: Katea, Fandangoa, Baltsa, Jota zaharra, Bolerak eta Kalejira.

Uztarrotz eta Izabako Ttun-ttuna:

Nafarroako erronkari bailarako neska/mutilen arteko Ingurutxo hau mediterranear izaeraz mamituta dago. Jantzien kolore eta apaindurak, alde batetik, eta kastaneten soinuaz lagunduta doan musikak, bestetik, Euskal Herri mediterranearraren eredu ezin hobea bihurtu dute Ttun-ttun dantza.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea
22. Posta Kutxa - Galdakao - Euskal Herria  |  Tel. 944 570 825 - info@andramaridantzataldea.com

Copyright © Andra Mari Eusko Dantzari Taldea  |  Kredituak  |  Segurtasuna eta Pribaketaren babesa