| Andra Mariren historia.
50 urte kantuz eta dantzaz. 1955. urtean, eliza katolikoaren babesa eta laguntzarekin, Galdakaoko
zenbait gaztek Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu zuten, urte gutxiren
barruan, eta lan ikaragarri baten ondoren, Euskal Herriko mundu kulturalean leku bat
aurkitu eta sendotu zutelarik.
1965.etik gaur egundaino talde
honek Europako zein mundu guztiko beste hainbat aberrietara zabaldu izan du euskaldunon
kultura tradizionala parte hartu duen Jaialdi Internazional guztietan.
70. hamarkadan bere lan interesen
garapenaren ondorioz, Andra Marik Euskal Herri guztiko errito, musika eta dantza zaharren
ikerketa, ikasketa, eta berreskuratze lanei ekin zien. Horretarako, taldeak, dantza doinu
eta erritualak jatorrizkoak ziren eta diren herrietara jo zuen, tokian tokiko
herritarrengandik - dantza maisuak, dantzariak, pertsona jakitunak, etab.- zuzenean ikasi ahal
izateko. Honekin guztiarekin batera, galduta zeuden edota galtzear dauden dantza edo
ospakizun desberdinen, ahalik eta datu gehien biltzen ahalegintzen da euskal kulturaren
aniztasunaren iraupena bermatzeko helburuarekin.
Berreskuratze eta biltze lan honen
emaitza errepertorio luze eta zabal bat da: Altsasuko
ihauteriak, Aiezkoa, Saraitsu, Erronkari zein Luzaideko dantzak, Bizkaiko Dantzari
dantza, Soka dantza eta jota zaharrak, Zuberoako dantzak,
Gipuzkoako dantzak, Lizarrako Larrain-dantza, Leitza eta Iribasko Ingurutxoak...
etab.
Ildo honetan eta hitz laburretan
isladatzeko, Andra Mari taldearen lan egiteko filosofia edo ardatz nagusiena, Lucille Armstrong-ek, J. A. Urbeltzen
(1978) Dantzak liburuaren prologoan idazten duen paragrafo honetan laburbildu daiteke:
|
|
|
|
sustraiak
herri baten sorlekua direnez gero, haien ezagutzeak norberaren izatearen ezaguera
adierazten du; hortaz, normalki, dantza herrikoia beti bezala mantendu beharko litzateke;
gure kondairara horrela bakarrik hurbildu gaitezkeelako. Apur bat bakarrik aldatuko
bagenu, ez luke esanahirik izango; gorputza fisikoki edukitzeko ariketa bat baino ez
litzateke. Ez da ulergaitza: sustrai barik ez dago bizitzerik. |
|
| Esan dezakegu beraz, Andra Marik
kontu handiarekin burutzen dituela bere dantza, musika eta errito ikerketa guztiak; forma
tradizionalak mantenduz, estiloa landuz, koreografia zainduz, eta batez ere, dantzaren
izaera ulertzen saiatuz. Horrela, lan egiteko modu honekin, Andra Mari dantza
taldea, Euskal Herriko erreferentziazko talde bat bihurtu da. Azken urteotan Andra Mari Dantza taldea,
Galdakaoko herrian euskal egutegi kultural baten berpizte eta suspertze lanetan dabil euskal ohitura
zaharretako errito eta jai garrantzitsuenetakoak urtero ospatuz, besteak beste, Santa
Ageda (Otsailak 5eko bezperan), Ihauteriak (Otsailaren 8tik 12ra), Erreginak (Maiatzaren
4an), San Juanak (Ekainaren 24ko bezperan), Olentzaroa (Abenduaren 24an).
Ospakizun hauetaz guztietaz gain,
Galdakaoko hainbat auzotako jai eta erromeria tradizionalen berreskuratze lanetan
murgilduta dago. Aipagarriak dira Bekeako Asentzioak, Elexaldeko Andra
Mariak, edota Galdakaoko bertako herriko jaiak diren Santa Krutzetako
Soka dantza, bazkari herrikoia, etab.
Bestalde, uda partean, talde
Galdakoztar honek Bizkaian zehar Folklore bizian izeneko nazioarteko kultur topaketak antolatu eta ospatzen ditu,
Europako zein munduko edozein tokitako tradiziozko dantza eta musika taldeak ekarriz.
|
|
| Andra Mari Eusko Dantzari Taldea
hainbat urtetan ibili da herri honen nortasunaren zainketa eta mantentze lanetan. Goiko
lerro labur hauek erakutsi duten bezala, Andra Marik Euskal Herriaren barna dauden dantza,
musika eta usadio zaharrak berreskuratzen eta berpizten dihardu etengabe. Hala eta guztiz
ere, zoritxarrez, asko dira herri honen ehorzketa nahi dutenak. Egoera lazgarri honek
inoiz baino argiago erakusten digu Andra Mari Eusko Dantzari taldeko kideoi, euskal
kulturaren -eta berarekin batera, euskal nortasunaren- jarraipenaren alde lana egin behar
dugula, azken batetan, euskaldunon seme/alabek eta hauen gerokoek beraien sustraiak
zeintzuk diren jakin dezaten. Galdakaon, 2002an |
|
|
|
|
|
|